Extremadurako Jose Antonio Ramirezek eta Nafarroako Fertxu Izquierdok irabazi dute Blas de Otero - Bilbo Hiria Poesia Lehiaketaren lehen saria
2008-11-20Epaimahaiaren ustez, parte hartzea ona izan da eta era askotakoa. Lehiaketara 150 obra aurkeztu dira
Bilbon 2008ko azaroaren 20an. Bilbo Hiria-Blas de Otero Poesiako Lehen Sariak gaztelerazko eta euskarazko irabazleak ezagutzera eman ditu; hain zuzen ere, Extremadurako Jose Antonio Ramirez eta Nafarroako Fertxu Izquierdo izan dira irabazleak. Saritutako obren kalitatea ez ezik, parte hartze ona eta era askotarikoa ere azpimarratu ditu epaimahaiak. Lehiaketara 150 obra aurkeztu dira. Iñaki Azkuna alkateak gaur goizean eman ditu sariak Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan.
Gaztelerazko modalitatean, Sabina De la Cruz-ekin (poetaren alarguna, literatura sari hau poetari zuzendua dago) batera, José Fernández De la Sota, Clara Janés eta Javier Lostalé idazleek osatu dute epaimahaia. Lehendabizi, 18 obra hautatu dituzte, hain kalitate bikainarengatik, eta, ondoren, “Deuda de sal” liburua saritzea erabaki dute aho batez. Poema-bilduma hori “bizitzaren inguruko gogoeta lasaia da, bizitzaren larritasun eta itzalen ingurukoa baina baita dohainei buruzkoa ere; gainera, batzuetan tonu metafisikoa du, eta domeinu metriko handia”.
José Antonio Ramírez Lozano da egilea (Nogales-Badajoz, 1950): filologoa, poeta eta narratzailea. 50 obratik gora argitaratu ditu. Autoreak sari ugari irabazi ditu, bai poesia arloan (Juan Ramón Jiménez, Rafael Alberti, Irun Hiria, Claudio Rodríguez, Ricardo Molina), bai narratiban (Ateneo de Valladolid, Azorín, Felipe Trigo, Alarcos Llorach, Ciudad de Valencia, Río Manzanares). Haur eta gazteen literatura ere jorratu du.
Euskarazko modalitateari dagokionez, epaimahaian Jon Kortazar, Euskal Literaturako katedraduna, idazlea eta literatur kritikaria, eta Miren Agur Meabe, filologoa eta euskal poeta, izan dira. Saria Fertxu Izquierdoren “Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek” lanak irabazi du. Poema-bilduma horretan, “ñabardura surrealista oso landuak dituzten irudien aberastasuna” baloratu du epaimahaiak. Eguneroko bizitzan murgildutako lana da; hau da, kalea eta gizartea, gerraren memoria, munduko zenbait gatazka politiko edo denboraren joan-etorria bezalako gaiak jorratuko ditu.
Fertxu Izquierdo Jiménezek (Iruña, 1975) “Gerratearen aztarnak” poema-bilduma eta “Mendeko borroka (Erromari erasoa)” nobela argitaratu ditu, Joseba Sarrionaindiaren irudiaren inguruko literatur ikerketa-lanarekin batera. Bestalde, hainbat sari irabazi ditu poesian, narratiban eta kazetaritzan; hala nola, Iruñako Udalaren egile berriena, Atarrabiako Udalaren Atarrabiako Pedro edota Gaztezulo aldizkariko Xelebre press saria.
Bilbo Hiria-Blas de Otero Lehen Saria Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Blas de Otero Fundazioaren ekimena izan da. Azken horrek Bilboko poetaren ondarea kudeatzen du. Lehiaketaren helburua da literatur sormena sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko auzotarrei hango egilerik nabarmenenetarikoa gerturatzea. 6.600 euro eskaintzen dira modalitate bakoitzean (gaztelera eta euskara). Lehen edizio honetan aurkeztutako obren kalitatea ikusita, epaimahaiak adierazi du Blas de Otero Saria estatu mailako erreferentziazko sari poetikoetariko bat izan daitekeela.



