Blas de Otero Muñoz Bilbon jaio zen 1916ko martxoaren 15ean. Hilabete lehenago Rubén Darío hil zen Nikaraguan, eta Juan Ramón Jiménezek Diario de un poeta recién casado obra argitaratu zuen. Naturak huts poetikoak utzi nahi ez balitu bezala, bi poeta horiek dira Bilboko etorkizuneko idazlearen sorreran eta obran eragin gehien izango dutenak.
1914ko gerran murgilduta gaude, zeinak Espainiako burgesiari, neutraltasunaren babesean, negozio handiak egitea ahalbidetu baitzion, batez ere metalen industrian. Hala, poetaren aitak dirutza handia egin zuen urte horietan, baina 1929ko depresio ekonomikoaren ondorioak ere pairatu zituen. Krisi horrek “1920ko hamarkada zoriontsuko” ametsak zapuztu zituen.
Blas de Otero, Merkataritzako Nabigazioko kapitain baten eta mediku ospetsu baten biloba, hamar urtez bizi izan zen haur aberats baten legez. Etxe-andereño frantses batek (poemako Mademoiselle Isabel delakoa) familiako hiru haurrak zaintzen zituen, batez ere Blas, bere gustukoena. Zazpi urte zituenean María de Maezturen ikastetxean sartu zen. Bertan ikasi zituen bere lehen letrak, baina laster atera zuten babesleku horretatik, Prestakuntzako eta Batxilergo Sarrerako ikastaroak jesuiten ikastetxe zorrotz batean hasteko (“ez da nire errua oroitzapena goibela izatea”, idatzi zuen aurrerago).
Bilbon goiz nabaritu ziren gerraosteko depresioaren lehen kolpeak. Ondarea berreskuratzeko asmoz, aita Madrilera lekualdatu zen familia guztiarekin 1927an. Bertan, Blas de Otero txikiak Madrilgo kaleetako askatasuna eta haurtzaroko amodioak ezagutu zituen, eta, aspaldiko familia-tradizio bati jarraiki, Las Ventaseko zezenketa-eskolan toreatzen ikasten ibili zen.
Cardenal Cisneros institutuan batxilergoko titulua jaso zuen. Anaia nagusia nerabezaro betean hil zen, eta aita bi urte geroago, azken beltzak samindurik. Gertaera horiek haren etorkizuna baldintzatu zuten (“Letrak ikasteko asmoa nuen, baina hamasei urterekin hil zen anaia bat Zuzenbidea ikasten hasia zen, eta familiak haren lekua hartzera animatu ninduen”). Blas de Oterok “besteren lekua hartzeagatik” ordaindu zuena bizitza osoan zehar ikasi eta jasan zuen.
Poetak hamabost urte zituen amarekin eta bi arrebekin Bilbora itzuli zenean. Familiako gizon bakarra zenez, haren esku gelditu zen familiaren ekonomia txarra berregiteko ardura. Bokazio-desbideratze horren ondoren, hainbat urte uko eginez bizi izan behar izan zuen, harik eta abokatu-titulua lortu zuen arte. Bitartean, familiaren zailtasunak ezkutatu zizkien inguruko lagunei, guztiak ere jesuiten erlijio-girotik oso hurbilekoak. El pueblo Vasco egunkarian, bera zen “Vizcaya escolar” —ikasle katolikoen ahotsa 1935ean— orria zuzentzen zuen “Poeta”. Poemak argitaratu zituen, eta bere lehen poesia-saria irabazi zuen Lope de Vegaren mendeurrenean. Bazirudien nortasuna izan behar zuen abokatuaren eta bazen poetaren artean bananduta zuela. Horixe pentsatzen eta ikusten zuten bere lagun minenek. Taldetxo horrekin musika-saioak eta Juan Ramón Jiménezekiko mirespena partekatzen zituen, hura baitzen gazte horien benetako mentore poetikoa. Moguerreko poetak gutun ugari trukatu zituen haiekin, eta La estación total con las Canciones de la nueva luz eskaini zien. Haren poesia izaten zen, klasikoenekin eta 27ko belaunaldiko lehen liburuekin batera, solasaldietako ohiko irakurgaia.
Gerra Zibilak Zuzenbideko karrera amaitu berri zuela harrapatu zuen. Euskal batailoiekin bat egin zuen osasun-langile gisa, eta Franco jeneralaren tropak Bilbon sartu zirenean Levanteko frontera bidali zuten. Gerra amaitutakoan, abokatu lanetan hasi zen Bizkaiko metalurgia-enpresa batean.
Musika eta pintura kritikak idatzi zituen Hierro egunkarirako, eta poemak argitaratzen jarraitu zuen. Argitalpen horietako bik oihartzun handia izan zuten estatuko iparraldeko prentsan: “Cuatro poemas” eta Cántico espiritual izenekoek, hain zuzen ere. Azken hori Alea taldeak San Juan de la Cruzen IV. mendeurrena oroitzeko Ateneoan antolatu zuen errezitaldiaren ondorio izan zen. Poema horiek gazteak pairatzen zuen gogo-tentsioa agerian uzten dute, bere benetako bokazioa, sorkuntza poetikoa, hipotekatzen zuen jarduera profesional batean jarduteagatik, bokazio hori seme gisa zituen betebeharrak betetze aldera sakrifikatzen baitzuen. Sakon hausnartu ondoren, fabrika utzi zuen, eta 1943ko azaroan Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera; izan ere, karrera hori familiako betebeharrak nahiz barne-ahotsa asetzeko egokiena zela iruditu zitzaion. Madrilen, garaiko poeta nagusiekin hasi zen harremanetan. Dámaso Alonso eta Vicente Aleixandre zituzten irakasletzat.
Hala ere, Bilbora bueltatu behar izan zen, arreba oso gaixorik zegoelako; ondorioz, dagoeneko hasitako ikastaroa bertan behera utzi behar izan zuen. Autorrealizazioaren aldeko hain borroka tinkoan ozta-ozta mantentzen zuen oreka apurtu, eta sakrifizioak jasangarria zenaren muga gainditu zuen, depresio-krisi bat ekarriz. Erietxe batean sartzea erabaki zuen, baina sendabideek ez zuten bere errebeldia egokitu eta murriztea lortu.
Hainbat urtez, Blas de Otero etxeko bakardadean babestu zen, eta ez zen jendaurrean agertu harik eta Egan aldizkariak lehen zenbakian (1948ko uda) bere hamaika poema argitaratu zituen arte, “Poemas para el hombre” izenburupean. Angel fieramente humano liburuaren hazia izan ziren. Liburu horretan, 1944. eta 1945. urteen artean pairatu zuen krisialdian zehar izan zuen eraldaketari irtenbide literarioa eman zion. Bakardadearen eta zalantza larrien erdian, haren katolizismo ortodoxoa, fedea eta sinesmenak behin betiko arraildu ziren, baina itxialdi horretatik atera zen gizona bestelakoa zen: poeta benetakotasunean bere burua bizitzeko prest zegoen gizona.
Bere gizarte-ingurunea, ordea, ez zen aldatu, eta jakina da burgesiak arau zorrotzak ezartzen zituela eta arau horiei men egiten zietenak soilik babesten zituela. Erlijio-betebeharrak eta familiakoak, amodioak eta lanbidea osotasun zatiezina ziren, eta egokitu gabeari ez zioten aukerarik eman haustura partziala izateko. Ez zuen aukerarik eduki; edo aurreko bizitza osatu zuen guztia galduz salbatzea, edo galtzea eta ezarritako araua onartzea.
1947az geroztik, Blas de Oterok bere matxinada salbatzailearen poemak suharki idatzi zituen, hain zuzen Ángel fieramente humano, Redoble de conciencia eta Ancia osatuko zituztenak. Lehenengoari 1949ko Adonais saria ukatu zioten, literaturaz kanpoko arrazoiengatik, nahiz eta onartu zuten aurkeztutako liburuen artean kalitate poetiko handienekoa zela. Liburua argitaratzean, egilearen izena Espainia osoko prentsan agertu zen, urte haietan sortutako poetarik benetakoen eta originalentzat jota. Iritzi hori hurrengo urtean berretsi zen, Redoble de conciencia (1951) kaleratu zenean. Hizkuntza poetikoa ezin hobe menderatzen zuen poeta latza izaki, garai hartako poesiaren panorama monotonoaren erdian nabarmendu zen.
1952. urtea erabakigarria izan zen Blas de Oteroren bizitzarako eta obrarako. Lehen aldiz atera zen Espainiatik. Parisen, Espainiako erbesteratu komunistekin jarri zen harremanetan, eta, irakurketen eta elkarrizketen bidez, bere egin zuen historiaren interpretazio marxista, zeinak harmonia nagusi den etorkizuneko gizarte bat deskribatzen duen, guztiontzako justizian eta duintasunean oinarritua. Humanismo utopiko horrek gogoberotu zuen, eta haren ahotsa justiziaren eta elkartasunaren ideal batera bultzatu. Hala, hurbilekoei egindako traizioa zuritzeko adinako zeregin eskuzabalari ekin zion, behar historiko bati erantzuteaz gain. Horrela, poeta-lanbideari justifikazio morala aurkitu zion, estetika etika goren bihurtuz. Errealitatea indar menderatzailez nagusitzen zaio, eta gai berrietarako forma poetiko egokiak aurkitzera bultzatzen dio.
Blas de Otero Parisen bizi izan zen urtebete baino zertxobait gutxiago, eta, Espainiara itzulitakoan, honako hau aitortu zuen ironia apur batekin: “Paris zoragarria eta jasanezina iruditu zitzaidan”. Espainiako jendea eta lurrak sakon ezagutu nahi zituen; hain zuzen, horiek aztarna handiak utziko dituzte bere poesian. Horretarako, 1954ko udan Gaztelako mesetako goi-lurretatik barrena bidaiatu zuen. Bidaia horretatik atera ziren herriak, kanpai-horma lirainak eta nekazarien aurpegi belztuak aipatzen dituzten poemak. Jende xaloaren ahotsak kantutegi eta erromantze-bilduma tradizionalen bitartez oihartzuna izanez, Oterok poesia egokiena eta garbiena aurkitu zuen, herriarengan oraindik bizirik, herria aho-tradizioaren protagonista nahiz gordetzailea izanik.
Paristik itzuli zenetik, Blas de Otero poesian bakarrik aritu zen. Bilbon bizi zen amarekin eta arreba nagusiarekin, zeinak amaren etxearen ardura bere gain hartu baitzuen. Espainia osoan zehar ematen zituen hitzaldietatik eta errezitaldietatik eta poemak hainbat aldizkaritan argitaratzetik zetozen bere diru-sarrera bakarrak, eta horrek betiko gatazka berriz azaleratu zuen; hots, bokazioaren eta familia-ekonomiari laguntzeko beharraren arteko gatazka.
Ez zen erraza idaztea diktaduraren mendeko aberri zapalduaren historiarekiko historia pertsonal eta poetiko paraleloa zuen gizon bati isiltasuna inposatzen zion herrialde batean. Pido la paz y la palabra (“Bakea eta hitza eskatzen ditut”) izenburupean liburu esanguratsu bat argitaratzen saiatu zenean, zentsuraren debekuarekin topo egin zuen: hitza mozorrotu egin behar da, bakea hitz subertsibo bihurtu da. Azkenean, poema horiek plazaratu ziren, baina zenbait hitzen ordez diktadurarako kaltegarriak ez ziren beste batzuk jarri behar izan zituen: “jainkoa” “eguzki” bihurtu zen; “falangeak”, bestalde, “alanjeluak”. Pido la paz y la palabra obrak 1950eko hamarkadaren erdialdeko poesian izan zuen garrantzia argi geratzen da egunkarietako berrietan, lana poesia garaikideko obra mitikotzat eta atzerrian oihartzun handiena izan zuen obratzat aldarrikatu baitzuten.
1956tik 1959ra, Blas de Otero Bartzelonan bizi izan zen, eta intelektual katalanen giroan sartu zen. En castellano argitaratzeko zentsurarekin alferrikako liskarrak izan ondoren —Pido la paz y la palabra lanaren ondorengo poemak biltzen zituen liburua—, Puig Palau lagunak gomendatu zion garai existentzialeko bi liburuak liburuki bakar batean berrargitaratzea, garai bereko beste poema batzuekin batera. Horren emaitza Ancia izan zen, eta hurrengo urtean 1958ko Kritikaren Saria jaso zuen. Poema horiek, ordea, ez ziren zentsuraren erasoetatik libratu, orduan 50eko hamarkadan baino zorrotzagoa baitzen; hala, Ángel eta Redoble poemetatik hainbat bertso-lerro ezabatu ziren, bi liburuen lehen edizioetan jada argitaratutakoak. 1959ko otsailean, Antonio Machadori Colliuren egindako omenaldian parte hartu zuen, eta, egun batzuk geroago, Sorbonakoan. Unibertsitate horretan espainiar idazle guztiak ordezkatu zituen.
Espainiako zentsuraren oztopo gaindiezinak behartuta, En castellano obra Parler clair izenburuarekin argitaratu zuen Frantziako hiriburuan, edizio elebidunean. Poema horiek askatasunarekiko gizalegezko konpromisoa duen poeta bat erakusten dute, bai eta zoriontasunaren bila dabilen gizon bat ere. Horregatik, bi gaiak En castellano lanaren edizioan nahasten dira. Euskal idazlearen libururik politikoena horixe dela esan ohi da, eta litekeena da hala izatea, kontuan hartzen badugu liburu horretan egoera politiko bat mozorrorik gabe salatzen duela; baina, aldi berean, sentimen minbera biluzik agertzen duen liburua ere bada.
1960tik 1964ra bitartean, poeta iraultza sozialista nagusitu zen herrialdeetara joan zen. Lehenik Sobietar Batasunera eta Txinara, Idazleen Nazioarteko Elkarteak gonbidatuta, eta, gero, Kubara. Blas de Otero masek protagonismoa hartu zuten herrialdeen errealitatea zuzenean ezagutzen saiatu zen. Hizkuntza ez jakitearen ondorio izan daiteke ekialdeko herrialdeak irudikatzen dituzten poema gutxi egotea bere obran. Poema horietan ez dago sozialismoari buruzko ohar ideologikorik, baina bai sobietar herria bakearen egile izateko itxaropena; herrialde horietako paisaia, musika eta dantzak islatzen dira (“Birmania”, “Un veintiuno de mayo”). Urrutiko aberria da poetak Txinako itsaso urrunetan entzuten duena, eta Espainiatik kanpo idatzitako poema horiek aberria gogoan gordetzeko saiakera dira.
1961. urtearen amaieran, Blas de Otero Que trata de España liburu berria argitaratzen saiatu zen, baina zentsurak poemen ia heren bat ezabatu zuen. Murrizketa izugarri gogorra izan arren, Bartzelonan baimentzen zitzaion moduan argitaratzea erabaki zuen, Espainiari buruz mintzo zen, espainiarrentzat zen eta osorik aberritik kanpo soilik argitaratu ahalko lukeen izenburu bati desleial ez izateko. Berehala kontratatu zuen liburuaren argitalpena Frantzian, murrizketarik gabe oraingoan; dena den, zentsuratutako poemetako asko Esto no es un libro (Puerto Rico, 1963) antologian agertu ziren aldez aurretik.
Urte horietan, Espainiako Errege Akademiaren Fastenrath saria eta Omegna Resistenza nazioarteko saria eman zizkioten. 1963ko udazkenean, Parisera joan zen, Que trata de España aurkezteko. Ekitaldi hori, Espainiako egoera politikoa zela eta, diktaduraren arbuio jendetsua bihurtu zen.
Frantziako hiriburuan, 1964ko hasieran, Kubara bidaiatzeko gonbita jaso zuen, “Casa de las Américas” poesia-sariaren epaimahaikide izateko. Bidaia horretan, Kubako herritarrekin zuzenean komunikatzeko aukera izan nahi zuen —urte haietan herri-iraultza bizitzen ari ziren—, horrela errealitate sobietikoa eta txinatarra ezagutzeko izan zituen zailtasunak, hizkuntzak ezagutzen ez zituelako, gainditzeko. Historias fingidas y verdaderas obrako prosetan, Karibean egon bitartean idatziak, jasota geratu zen Oterok begiak ondo ireki zituela eta bere historiaren protagonista izateko altxatzen ari zen herri bat ikusi zuela, nahiz eta askatasunaren zenbait murrizketaz ohartu, “agian ekidin zitekeena”, poetak ahapeka idatzi zuen bezala.
Kubatik 1968ko apirilaren 28an itzuli zen Madrilera. Prosa eder batzuen eskuizkribua, Kubako herriarekiko miresmen handia eta ezkontza labur baten esperientzia zapuztua ekarri zituen handik (“no me pesa el amor, pésame el monte / del desamor: alrededor la muerte”).
Baina, dagoeneko, heriotza ez da metafora bat, haren liburu existentzialetan bezala, benetako mehatxua baizik. Habanan minbizi-tumore bat aurkitu zioten, eta Espainiara iritsi bezain laster operatu zuten. Diagnostikoaren larritasuna ezagututa, Blas de Oterok bere patua lasaitasunez onartu zuen. Kuban 1966tik 1968ra bitartean Historias fingidas y verdaderas obrako prosa poetikoak idatzi ondoren, heriotzaren aukerak suharki idaztera eraman zuen eta poema ugari sortu zituen, etorkizuneko liburu baten muina izango zirenak: Hojas de Madrid. Itxura guztien kontra, oraindik hamaika urte geratzen zitzaizkion hil arte. Urte horiek poesiaz beterikoak eta ezusteko zoriontasunekoak izan ziren. Ebakuntzaren ondorengo egun gogor haietan, bide guztiak ixten zitzaizkionean, poetak maitasuna aurkitu zuen berriro, behin betiko galduta zirudien arren: jaioterriko neska-laguna. Berriro elkarrekin eta dagoeneko betiko, Madrilera joan ziren bizitzera. Bertan, poetak hainbat antologia prestatu zituen (Expresión y reunión, País, Verso y Prosa, Todos mis sonetos, Poesía con nombre),liburuak berrargitaratu zituen, batzuk lehendabizikoz Espainian (En castellano edo Que trata de Españaliburuaren lehenengo edizio osoa), eta poema berriak sortzen jarraitu zuen, hil osteko Hojas de Madridliburukoak. Amaitu gabe geratu bazen ere, hogeita bost poema aurreratu zituen Mientras Mientras (1970) obran, bai eta beste batzuk ere aipatutako antologia bakoitzean, batez ere Expresión y reunión (1969) lanean. (1969).
Madrilen eman zituen urte horietan, Blas de Oterok bere zaletasun gustukoenak berrartu zituen: musika, irakurtzea, zinema edo astiro-astiro paseatzea, “ruando/ como/ un perro en la calle,/ amigo de la calle,/ camarada/ de la calle”. Lagun gutxi batzuekin egotea eta mahaiaren inguruan bilera txikiak egitea gustatzen zitzaion. Ez zuen ekitaldi ofizialik egiteko gogorik izaten, baina ez zuen inoiz ahaztu amarekin eta bi arrebekin Bilboko etxean biltzea. Bidaia laburrak egin zituen Espainiako, Portugalgo eta Ingalaterrako lurraldeak ezagutzeko, eta emaztearekin joaten zen Santanderreko eta Donostiako udako ikastaroetara, literatura-irakaslea baitzen. Gertakari politiko handietan parte hartu zuen, eta hainbestetan inspiratu zuen askatasunaren heldueraren lekuko izateko poza izan zuen, bai eta bere poemak Espainiako demokraziari hasiera eman zion hauteskunde-kanpainan errezitatzeko aukera ere.
Heriotza ustekabean iritsi zitzaion Majadahondan, 1979ko ekainaren 29an, hirurogeita hiru urte bete eta hilabete gutxira. Biriketako enbolia batek bat-bateko amaiera eman zion hilabete lehenagotik bronkio gaixoekin aurre egiten ari zen borrokari.